XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berarekin aritutako hitz aspertu luze eta amaigabeetan, Salletarren iragana, oraina eta etorkizuna maiz ukitzen zituen.

Hura ni baino atseginagoa zen eritzietan, bigunagoa epaiketetan, kulturari zegokion zenbait arlotan batipat.

Gauzak eta gertakizunak iraganarekin lotu zituen.

Nire haustura-joera ulertzen zuen, baina, bera ez zen tankera horretakoa, idi-pausoa nahiago zuen, nik, berriz, zezenaren talka eta abiadura.

Halaz ere lanari eusten zion neurrian, gero eta lotuago ikusten nuen etorkizunarekin, gure kultura zaharra eta berriaren arteko zubia eraiki nahiko balu bezala.

Esandakoaren adibide gisa, delako EUSKARA BATUAREN aurrean izan zuen portaera dugu.

Bitaño idazlea zen besteak beste, Euskaltzaindikoa, eta normala zen bezala, euskaltzainen giroa ezagutzen zuen, batzuen eta besteen eritziak, azkeneko urteetan maizegi bertaratzen ez baldin bazen ere.

Zenbat ez ote zuen nozitu behar izan gaurko kulturak eskatzen zituen joko-arauei atxeki zitzaienean.

Baina Bitañok ez zuen ezbairik izan bidea aukeratzerakoan.

Zoritxarrez, honek kezka mingarriak sortarazi zizkion, berak, agian, gutxien espero zezakeen pertsonaje ospetsuengandik zetozkiola ikusirik gainera.

Gazteontzat, berriz, bere inguruan mugitu izan ginenontzat hobe esanda, kontsolagarria izan zen batere mezpreziagarria ez zen kultur-mailako gizonaren disposapen libre eta aurrerazalea ikustea.

Anekdotatxoa datorkit gogora.

Koldo Mitxelena, bere lagunmina, hurbildu zitzaion behin Durangoko Disko eta Liburuaren Azokan, eta, honela esan omen zion: Askozez atseginakoak egiten zaizkit zure ipuinak Izurzako euskerean idatziak.

Gure gizona ez zen belaunaldi batetan fosilizaturik geratu.

Bere aiurriko kultur-gizon batek ezin zuen hori egin joankizunaren giroan oinarriturik baldin bazegoen ere.

Kulturak kulturari deitzen dio, eta, bideak bideari ekiten.

Hitz batetan esateko, gaurko mugidan integratu zen, bere erara, ekinaren ekinez lortutako urrezko ekarpenarekin.

Nola esan hitz zenbaterainoko goibelaldia sortu zion gure gizon ari Koldok esandakoak.

Egun batzuetan tira-bira kezkatiak erabili zituen bere buruan, eta ondorioz, neuk zuzentzen nizkion lanetan ortografia baino ez ukitzeko esan zidan.

Handik aurrerantzean, azken urteetako ATALETAN soma daitekeen bezala, iraganeko tankerari uko egin gabe, etorkizunaren gurdian igota azaltzen zaigu.

Joxe Erzibengoa.